2024/09/10ko prentsaurrekoa

 

 

Txirbileneako asanbladak eta Emakume Migratuak elkarteak gure egoeraren berri eman nahi dugu eta Ikastunen Eskola zaharrean aldi baterako bizi diren pertsonek eta asanbladak jasaten ari ditugun Udaltzaingoaren jazarpen eta mehatxuak salatu.

2012an, Sestaoko pertsona talde batek Txirbilenea Kulturgunea bultzatu zuen, autogestionatutako gune okupatua, Bizkaiko Labe Garaietako Ikastunen Eskola zaharrean. 12 urte hauetan, Txirbileneak eutsi egin dio irabazi-asmorik gabeko jarduera ugari egin diren eraikinari, hala nola tailerrak, jardunaldiak, kontzertuak, topaketak… Hori guztia, zuzenean autogestionatuta, herritik eta herriarentzat; gure inguruko gune erreferente bihurtuz.

Era berean, Txirbileneako kideak Sestaoko Udalaren herritarren partaidetzarako programetan parte hartzen aritu gara, Udalak gu kontuan hartu gabe, eta duela bi urte baino gehiago daramatzagu Udalaren erantzunaren zain, behin eta berriz eskatu baitiogu askatutako eraikinari buruz eztabaidatzeko bilera bat egitea, bereziki joan den abenduan ArcelorMittalen eraikinaren jabetza Udalari laga zitzaionean.

2024an, Emakume Migratu Feministak erakundearekin lankidetzan, eraikinaren behealdea erabiltzen hasi ziren larrialdiko bizitegi-beharrak asetzeko beharra zuten familiak. Emakume Migratuko kideek espazioaren bizigarritasun-baldintzak hobetzen lagundu dute. Aurtengo martxoan, Txirbilenean bizi ziren pertsonen erroldatzea eskatu genion Udalari; maiatzean, ordea, Alkatetzak dekretu bat eman zuen Ikastunen Eskolan erroldatzea ukatuz.

Bestalde, uztailean eta abuztuan migratutako pertsonen kolektiboek antolatutako jarduerak egin ziren Txirbilenean, eta jarduera horien ondorengoa izan dela uste dugula, Ertzaintza eta Udaltzaingoa arrazoirik gabe agertu dira, egoiliarrak identifikatuz eta mehatxatuz, argazkiak ateraz eta baimenik gabe eraikinera sartuz. Hori botere-abusu bat dela uste dugu, erakundeen barruan dagoen sistema arrazista baten isla.

Jarraian, Emakume Migratuak elkarteko kideek abuztuaren amaieran gertatutakoa kontatuko dute:

Asteartea, abuztuak 27, 14:10etan:

Txirbileneako patioan bi emakume eta bi neska arropa garbitzen ari zirela, Ertzaintzako 8 agente uniformatu iritsi ziren, alarma-abisua jaso zutela esanez. Baina eraikinean ez dago alarmarik. Ertzainak eraikinera sartzen saiatu ziren, eta, bizilagunen ezezkoaren aurrean, arduradunarekin hitz egiteko eskatu zuten. Emakumeak Emakume Migratuko kideetako bat aurkitzen saiatzen ziren bitartean, agenteek eraikinera sartu nahi zuten behin eta berriz, eta bertan zegoen emakumeetako bat identifikatu zuten, identifikatu ezean ondorioak izango zituela mehatxatuz, neskatoetako bat emakumeek bahitu ahal izango zutela argudiatuz. Une horretan, Ertzaintzak laguntza eskatu zion Sestaoko Udaltzaingoari, eta bi agente iritsi ziren Txirbileneara.

Agenteek adierazi zutenez, bizilagun batzuek hainbat pertsona ikusi zituzten eraikinaren goiko aldera sartzen. Aitzakia horrekin, eta bertan bizi diren emakumeen ezezkoari jaramonik egin gabe, udaltzainak Txirbileneara sartu ziren. Aipatzekoa da eraikinaren goiko aldea Txirbileneakoarekin independientea dela.

Barruan zeudela, agenteek adingabe bat identifikatu zuten eta emakumeak beldurtu zituzten, galdetu zieten ea zergatik ez zuten atea lehenago ireki nahi izan, zerbait ezkutatzen zutela iradokiz. Gainera, ikaratu nahian, aurretik Txirbilenean antolatutako jaietako bideoak erakutsi zizkieten, iseka egiteko asmoz.

Agenteek erreleboak iristen zirenerako atea irekita uzteko eskatu zieten emakumeei.

Osteguna, abuztuak 29, eguerdiko 12:10etan:

Udaltzaingoa eraikinaren goiko aldetik sartu zen Ikastunen Eskola eta Emakume Migratuak eta Txirbileneak erabiltzen duten espazioa bereizten dituen atera. Txirbilenean bizi den emakume baten semeak atea nola jotzen zuten entzun zuen, eta begiratzera hurbildu zenean, agente batekin topo egin zuen, eta hark atea irekitzera behartu zuen. Poliziak gaztea identifikatu zuen, eta emakumeen logeletan sartu zen, aurrez abisatu gabe eta baimenik gabe. Han zeuden eta bi egun lehenago identifikatuta zeuden emakumeak identifikatzeko eskatu zien. Horiek poliziari aurre egin zioten zegoeneko identifikatuak izan zirela esanez, eta uniformedun agenteek eraikinetik alde egin zuten.

Azaldutakoaren ondoren, azpimarratu nahi dugu eraikinean bizi direla, behin-behinean, bizitzeko tokirik lortu ez duten familiak, eta Udala behar bezala informatuta dagoela. Etxebizitza eskuratzea arazo bat da batez ere migratutako jendearentzat, lan egitera datozenak, adin nagusiko pertsonak zaintzera datozenak eta inork egin nahi ez dituen lanak egitera datozenak.

Eraikinera baimenik gabe sartzea eta bertan familiak bizi direla jakinda, bizilekua bortxatzea da. Gure ustez, Udala espazioan bizi garen pertsonak beldurtzen saiatzen ari da, hustu dezagun; izan ere, Udalak espazio horri muzin egin dio urteetan, eta guk bizirik mantentzen dugu.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren esku-hartzeak migratutako pertsonak kriminalizatu nahi izan ditu. Eskatzen dugu identifikatutako pertsonen datuak ez erabiltzea inolako zigortze- edo hertsatze-helburutarako. Egoera arrazista eta botere-abusuzkoa dela uste dugu, eta Emakume Migratuak elkartetik esaten duguna entzuteko eskatzen dugu:

• Erroldatzeko eskubidea EZ DA ESISTITZEN, negozio bihurtu delako, eta horrek ikertu eta isuna jarri beharko luke; errolda batek hileko 100 €-tik 300 €-ra arteko kostua du.
• Egoera administratibo erregular eta irregularrean dauden pertsona migratuen etxebizitza-eskubidea EZ DA ESISTITZEN. Erroldarik gabeko gelen alokairua 750 €/hil ingurukoa da.
• Barne-zainketako langileek (emakume migratuak) ez dute atseden-leku intimorik asteburuetan. Horregatik, atseden hartzera eta lotara etortzen dira Txirbileneara; bestela, hilean 350 eta 400 € artean ordaindu beharko lituzkete lo egin ahal izateko gela bakar batengatik.
• Euskal gizarteak, eta, batez ere, adin nagusikoek, barne-zaintza eskatzen dute beren etxeetan, baina uko egiten diote etxe horietan bizi diren langileak erroldatzeari, astelehenetik ostiralera beren lanpostuak direnak. Udalak ez dira ari aplikatzen pertsonak bizi garen tokian erroldatuta egon behar dugula dioen legea.
• Gu hemen bizi gara, Txirbilenean, aldi baterako, elkarrekin etxebizitzaren arazoari irtenbidea aurkitu arte. Badakigu ez direla baldintza egokienak, baina lanean ari gara aldi oro baldintzak hobetzeko, bertan bizi ahal izateko.
• Antolatuta gaude eta 300 emakume baino gehiago gara etxeko lana desagerrarazteko borrokan, eta laneko indarkeriari eta indarkeria arrazistari aurre egingo diegu guztiok bizitza duina izateko eskubide berberak izan arte.

SABAI BAT EDUKITZEAREN ESKUBIDEAREN ALDE!

GORA BORROKA ANTIARRAZISTA!

AURRERA EMAKUME MIGRATU FEMINISTAK ETA TXIRBILENEA!


Leave a Comment