Gaur, azaroak 8, Sestaoko Udalak Txirbilenea hustutzeko eman duen epea amaituta, honako hau jakinarazi nahi dugu:
Gaur, 19:00etan, bi udaltzain hurbildu dira Txirbileneara, hemen bizi diren familiei dekretu bat jakinarazi eta sinarazteko. Dekretu horretan, 5 egun balioduneko epean etxea uzteko agindua jakinarazten zaie, “instalazioak arriskutsuak direlako eta udal-ondasun hori erabiltzeko titulurik edo baimenik ez dutelako”.
Gaurkoa eraikineko biztanleek astebete baino gutxiagoan jasan duten bigarren identifikazioa da; izan ere, joan den larunbatean, azaroaren 2an, udaltzaingoak Txirbilenean zeuden Emakume Migratu Feministak taldeko kide guztiak identifikatu zituen.
Orain arte, Sestaoko gobernu-taldeak argudiatu izan du ez zekiela ziur zenbat pertsona bizi diren Txirbilenean ezta nortzuk diren pertsona horiek. Aitzitik, gaur egun hemen bizi diren pertsonak udaletxera joan dira biztanle gisa euren buruak erregistratzera. Era berean, Txirbileneako lehenengo biztanleak ere joan ziren udaletxera erroldatzeko eskaera egitera, baina ezezko erantzuna jaso zuten.
Argitu nahi dugu guk ez dugula udaletxera jo etxebizitza eske. Emakume Migratu Feministak, zaintzako langile garen emakume migratuen kolektibo antolatu gisa, barruko etxeko lana desagerrarazteko borrokatzen dugu, eta, alternatiba gisa, eta esklabotza modernoko lan horrekin amaitzeko, 2023ko martxotik ari gara lanean etxebizitza komunitarioen proiektu batean, zainketak erdigunean jarriz. Txirbilenean daude etxebizitza komunitario horietako batzuk. Azpimarratu nahi dugu bizitegi-baliabide hau behin-behinekoa izan dela eta orain ere badela. Urriaren 30ean 16 pertsona bizi ziren Txirbilenean. Orduz geroztik, autokudeaketari esker, bizitegi-irtenbidea eman zaio bost pertsonaz osatutako bizikidetza-unitate bati eta pertsona banaz osatutako beste biri.
Udaltzainek gaur ekarri dituzten jakinarazpenak banakakoak izan dira, izen-abizenekin. Beraz, frogatuta geratu da Udalak BADAKIELA nortzuk diren gaur egun Txabarri kaleko 6. zenbakian bizi diren pertsonak.
Udalak, gaurko ekintzarekin, aitortzen du Txirbileneako lehen solairuan, martxotik, emakume migratuak bizi direla euren familiekin, eta aterperik gabe utzi nahi dituela. Erantzun nahi diogu, Arartekoaren ahotsean, “agindu judizialik gabe ezin direla pertsonak beren etxebizitzetatik kaleratu”.
#EzGoazHemendik. #GeratukoGara.
AURRERA EMAKUME MIGRATU FEMINISTAK!
AURRERA TXIRBILENEA!