2024ko maiatzaren 1.ean Barakaldoko kaleetara ateratzeko deia egiten dugu. Hainbat erakunde eta kolektibok manifestazio bateratua deitu dugu 12:30etan Bide Onera plazan. Lantokietako eta auzoetako eguneroko borroka ardura duten erakunde eta kolektiboak gara eta ez, ordea, instituzio eta parlamentuetako besaulki eta bulegoetan boterea lortzeko lehian dabiltzan horiek.
Bizi dugun egoerarekin kezkatuta gaude, izan ere, gerraren negozioa handitzen den bitartean langile klasea gero eta gehiago pobretzen ari da prezioen igoeragatik eta inflazioagatik. NATO eta EBk bultzatutako mundu mailako erasoaldi inperialista baten ondorioak pairatzen ari gara, eta oraindik ere, egoerak okerrera egin dezake. Bereziki dramatikoa da sionismoa Gazan egiten ari den genozidioa, eta ezin dugu salatu gabe utzi… Gora Palestina Askea!
Aldi berean, bankuak onura historikoak lortzen ari dira, besteak beste, etxebizitza eskuratzea belaunaldi berrientzako luxu bihurtzen duten hipoteka-kredituei esker. Ezin dugu ahaztu ere osasunaren pribatizazioak, desberdintasun sozialaren areagotzeak edo kapitalismoak berak sortzen duen, zorrozten duen eta negozio bihurtu nahi duen krisi klimatikoa. Makroparke eolikoak “kapitalismo berde” horren adibide ona dira.
Era berean, bereziki dramatikoa da joan den urtearen amaieratik izan dugun laneko ezbehar-tasa. Inolako zalantzarik gabe, egoera onartezin horren jatorrian prekarietatea eta ezarritako lan-erritmoak daude. Hortaz, dei egiten dugu enpresa klasea irmotasunez seinalatzera, odol-jario horren erantzulea den aldetik.
Gobernuak eta komunikabideak errealitatea makillatzen tematu arren, egoera benetan larria da. Hala ere, deialdia egiten dugun erakunde eta kolektibook argi daukagu borrokan bat eginda geldiezinak garela. Elkarrekin, batuta, eta kaleetan modu aktiboan jardunez errotik aldatu ahal izango ditugu gauzak, denak berdin jarraitzea nahi dutenek ezartzen dizkiguten muga legalak gaindituz.
EZKERRALDEA gaurtik aurrera ZUTIK jarriko da langileentzako etorkizun duin baten alde. Dena daukagu aldatzeke!
Borrokarik gabe, eskubiderik ez! EZKERRALDEA ZUTIK!